(+34) 943 896 024 (8:00 - 15:00) udala@getaria.eus

GETARIAKO EMAKUMEEN GIZONEN BERDINTASUNERAKO I. PLANA

GETARIAKO EMAKUMEEN GIZONEN BERDINTASUNERAKO I. PLANA

Getariako udalak martxoko osoko bilkuran Getariako emakumeen eta gizonen BERDINTASUNERAKO I. PLANA onartu du.

Bi urteko ibilbideari jarraipena emanez, Getariako udalak datozen lau urteetarako helburuak eta ekintza plana jasotzen dituen bide orria onartu du. Txostena EAEko emakumeen eta gizonen berdintasunerako VII. planak jasotakoa jarraituz osatu da eta lau ardatz nagusiren baitan egituratzen da: gobernu ona, emakumeen ahalduntzea, ekonomiak eta gizarte antolakuntza eraldatzea eta indarkeria matxista. Ardatz bakoitzean, datozen urteetarako helburuak eta horiek erdiestera bidean burutu beharreko ekintzak jasotzen dira, guztira, 16 helburu eta 66 ekintza dituelarik Getariako I. Berdintasun planak.  Besteak beste, hauek dira definitutako helburuetariko batzuk: udal langile eta ordezkari politikoak berdintasun politikak garatzeko trebatzea, emakumeen ahalduntze pertsonala eta kolektiboa sustatzea edota herritarrak feminismoaren inguruan sentsibilizatu eta trebatzea.  Gainera, plangintzak jasotakoa aurrera egiteko udal barruan antolatu beharreko egitura ere jasotzen du, bertan esparru ezberdinetako ordezkari politikoen eta udal langileen parte-hartzea aurreikusten delarik.

Herritarren parte hartzearekin burututako prozesua

Datozen lau urteetarako aurreikusitako jarduketa horiek Getariako errealitateari erantzutea bilatzen dute, eta prozesu parte hartzaile luzearen emaitza dira. Aipatu, 2021 urtean zehar burutu zen diagnostiko prozesuan hainbat elkarrizketak burutu zirela, guztira 12, horietako batzuk taldean burutu zirelarik. Elkarrizketatuak 4 udal ordezkari, 4 udal langile eta arlo ezberdinetako 27 herritar (elkartegintzako emakumeak, emakume pentsiodunak,enpleguko sektore ezberdinetako emakumeak, emakume migratuak, talde feminista eta hezkuntza komunitateko kideak) izan ziren. Horrez gain, herritarrei bideratutako galdetegia ere zabaldu zen urte horretan, eta guztira 73 herritarren erantzunak batu ziren galdetegi horren bidez.

Gainera, planaren diseinu prozesuan ere parte hartzeak garrantzia berezia izan du, horregatik, diagnostikoan jasotakoak uneoro presente izateaz gain, udal langile eta ordezkari politikoen eta herriko talde feministaren parte hartzea ere baliatu da bigarren fase honetan.

Herritarren eta udal langile eta ordezkari politikoen parte hartzea bilatzeak plana herrira ahal beste egokitzea izan du helburu, herritarrengandik hurbil egongo den eta Getariako errealitatean eragiteko gaitasuna izango duen bide orri bat diseinatu ahal izateko.

Dagoeneko martxan 

2023. urtea hastearekin batera, berdintasun plana garatuko duen, eta ordezkari politikoz eta udal langilez osatuta dagoen, Berdintasunerako Talde Eragilea eratu da udalean. Lehenengo urratsa 2023ko ekintzak eta kronograma jasoko dituen 2023ko Gestio plana osatzea izan da, horrekin batera zeregin bakoitzaren arduraduna zehaztuz. Planaren inplementazio fase honen hasierarako, diagnostiko eta diseinu faseak burutu dituen Emun Aholkularitzaren laguntzarekin jarraitzea erabaki du udalak, zeina, plana aurrera eramateko lanetan Getariako udalaren bidelagun izango den.


X