(+34) 943 896 024 (8:00 - 15:00) udala@getaria.eus

Hilerrian arbasoen memoria gogorarazteko txokoa atondu du Udalak

Hilerrian arbasoen memoria gogorarazteko txokoa atondu du Udalak

Arrazoi desberdinak tarteko, herritarren hezurrak pilatzen diren lekuak daude hilerrietan, eta, Getarian ere, ehunka getariarren hezurrak biltzen dituen txoko bat dago. Horrenbestez, herritar horien, gure arbasoen, memoria gordetzeko, hezurrak dauden lekua goxatu du Getariako Udalak.

Horretarako, batetik, altzairuzko plaka bat jarri da; bertan, Uxue Alberdiren hitz batzuk irakur daitezke: “Izenik gabeko hezurrak, iraganaren beroa. Hautsa konpainia isila da itsasoaren aurrean”. Hitz horien bidez, hau adierazi nahi izan du Uxuek: “Hilek konpainia egiten digute eta hildakoek elkarri konpainia egiten diotela pentsatzea gustatzen zait. Hor badago bero sumaezin bat, izan zirenena, izango garenona. Eta, bitartean, itsasoak xuxurlaka jarraituko du, eta kaioek hegan”.

Bestetik, Ainara Aspiazuk “Arbasoen zuhaitza” horma-irudia margotu du, txoko horretako albo batean. Muralean, arbasoek zuhaitz bat sortzen dutela irudikatu nahi izan du sortzaileak, “itsasoa eta lurra behean, izarrak zeruan eta tartean haragizko besoek sortzen dituzten adarrak dituen zuhaitza. Lurretik zeruraino, gure egonaldi honetan batzuek joan eta besteak etortzen garelako, sekula bukatzen ez den bizitzaren bidaia luzean barna”.

Azkenik, Getariako Udalak herritarrentzako gune hori txukundu nahi izan du, horma garbitu, landareak landatu eta aulki bat ezarrita.


X