(+34) 943 896 024 (8:00 - 15:00) udala@getaria.eus

Datorren urteko Lehorreratzearen inguruan parte-hartze prozesua irekiko da Getarian

Datorren urteko Lehorreratzearen inguruan parte-hartze prozesua irekiko da Getarian

Getariako Udalak sustatuta herritarrek lehorreratze ekitaldiari buruz dituzten iritziak eta ikuspegiak partekatzeko saio eta bide desberdinak aktibatuko dira irailean, herriko talde desberdinen parte hartzea bultzatuz

Horietan guztietan jasotako ondorioek lagunduko dute, aurrerantzean, Getariak zer nolako Lehorreratze ekitaldia nahi duen irudikatzen

Egunotan, prozesuaren iparra izango den talde eragilea osatzen ari da, profil desberdineko 20 bat lagunek osatuko dutena

 

Datorren urtean, lehen mundu biraren 500 urteak eta Elkanoren lehorreratze ekitaldiaren lehen mendeurrena gogoratuko dira Getarian, 1922an egin zen eta, lehen aldiz, “Joan Sebastian Elkanoren lehorreratzea”. Testuinguru honetan, Getariako Udalak Lehorreratzearen inguruan hausnarketa eta elkarrizketa irekia zabaldu nahi du herrian eta herritarrekin eta hortik jasotako ondorioek lagunduko dute, aurrerantzean, Getariak zer nolako Lehorreratze ekitaldia nahi duen irudikatzen. Ehun urte parada bikoitza egiteko aukera badira eta: batetik urte guzti horietan ekitaldi hori mantentzen eta gauzatzen lan egin duten herritarrei aitortza egin eta eskerrak emateko; bestetik, mendeak dakarren inertzia begirada zabal baten bitartez aztertzeko eta gogoeta egiteko.

 

Horretarako, 2021eko irailetik abendura bitartean parte-hartze prozesu bat burutuko da, herriko talde desberdinen esku-hartzea bermatuz. Egunotan, prozesuaren talde eragilea izango dena osatzen hasi dira, betidanik herriarekiko konpromisoa eta ekarpenak egiteko gogoa erakutsi duten 20 edo 25 lagunek osatuko duten taldea, alegia.

 

Esku-hartze dinamikaren helburua izango da getariarrek gaur Elkanoren lehorreratze ekitaldia nola bizi duten ezagutzea, etorkizunean nola irudikatzen duten marraztea eta, 2022 urtera begira, bide berriren bat irekiko ote den aztertzea.

 

Prozesua irailean abiatu eta abenduan amaituko da. Ekimenaren arrazoiak eta lan dinamikak herritarrei azaltzeko ekitaldi publiko bat egingo da eta, ondoren, talde eragilearekin zein beste herritar taldeekin aurrez-aurreko lan saioak hasiko dira: emakumeak, ekintzaileak, gazteak eta nerabeak, elkarrizketa aberasteko aniztasuna beharrezkoa baita.

 

Guztira,  zortzi elkarrizketa eta parte-hartze saio egingo dira herritar profil eta talde desberdinekin eta, urrian, herritar guztiei irekitako Mintzodromoa egingo da. Getariarrek galdetegi bidez ere bere ekarpenak egiteko aukera izango dute. 

 

Horietan guztietan jasotako ondorioek lagunduko dute, aurrerantzean, Getariak zer nolako Lehorreratze ekitaldia nahi duen irudikatzen eta, beharrezkoa balitz, horrek berarekin dakartzan egokitzapenak planteatzen. 

 

Getariako Udala martxan jartzen ari den parte-hartze prozesu hau urteotan Lehorreratze ekitaldia errealitate egin duten herritarren ahalegin, ilusio eta ekarpenaren aitortzatik abiatzen da.


X