(+34) 943 896 024 (8:00 - 15:00) udala@getaria.eus

GETARIAKO UDALAK INSTALAZIO PUBLIKOAK HORNITZEKO EGUZKI-PANELAK EZARRI DITU ESKOLAKO TEILATUAN

GETARIAKO UDALAK INSTALAZIO PUBLIKOAK HORNITZEKO EGUZKI-PANELAK EZARRI DITU ESKOLAKO TEILATUAN

Eskualdean, horrelako instalazioak ezartzen dituen lehen herria da Getaria; hain zuzen ere, Iturzaeta herri-eskolan ezarri diren plaka fotovoltaikoekin, Udalak kontsumitzen duen energiaren %27 sortzea aurreikusten du.

2022ko aurrekontuetan, trantsizio energetikora begirako hainbat proiektu aurreikusi zituen Getariako Udalak, klima-aldaketaren aurka egiteko bidean. Horien artean daude, haiz zuzen, uda honetan eskolan egin diren bi esku-hartzeak: batetik, autokontsumorako eguzki-instalazio fotovoltaikoa ezartzea, eta bestetik, eskolako argiteria guztia aldatzea eta LED motakoak jartzea.

Eskolako teilatuan ezarri den eguzki-instalazio fotovoltaikoa 148 moduluz osatuta dago, eta udal-jabetzako 11 instalazio publikorentzako elektrizitatea sortuko du. Tartean daude, besteak beste, Iturzaeta eskola, eskailera mekanikoak, udaletxea eta Txeru. Udalak 76.155 euroko inbertsioa egin du. Proiektu hori Europako diru-laguntzetara aurkeztu diren lanen artean dago, eta egindako inbertsioa 7 urtean amortizatuko dela aurreikusten da. Hala, 30 urtean plakek sortuko duten energiari esker, Udalak 230.000 euro aurreztea espero da.

Aipatutako instalazioaz gain, Iturzaetako argiteria berritu da, eta LED motako argiak ezarri dira. Horri esker, Udalak energia-kontsumoa murriztu, bonbillen biziraupena handitu eta argiaren kalitatea hobetzea lortuko du. Aldaketa horrekin, dirua aurrezteaz gain, beste urrats bat egin da klima-aldaketaren aurkako bidean. Lan horiek 51.425 euroko kostua izan dute, eta Jaurlaritzak ateratzen dituen diru-laguntzetara bideratuko da.

 

 

 

                            


X