(+34) 943 896 024 (8:00 - 15:00) udala@getaria.eus

Aurrekontuaren behin behineko onarpena argitaratu da Boletinean

Aurrekontuaren behin behineko onarpena argitaratu da Boletinean

IRAGARKIA-GAO

2022.urterako aurrekontuaren behin behineko onarpena argitaratu da

Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu berri da eta 15 laneguneko epea zabaltzen da, abenduak 7an hasita, erreklamazio eta alegazioak jartzeko. 2021eko azaroaren 30ean egindako Osoko Bilkuran EH Bilduren aldeko 6 bozarekin eta EAJren 4 abstentziorekin onartu ziren kontuak behin behinekoz.

4.310.200 euroko aurrekontua izango da, aurtengoarekin konparatuta,%17 handiagoa eta gastuei dagokionez, azpimarratzekoa da inbertsioetan %80ko gorakada dagoela.

Trantsizio energetikoa eta ingurugiroaren berreskurapenari begirako esku-hartzeetara 210.600 euro bideratuko dira, besteak beste, energia aurrezteko eguzki-panelak eskolan jartzeko, getariarrekin Komunitate Energetikoak sortzeko, auto elektrikoak kargatzeko gune bat jartzeko, eta Garate – Santa Barbara Kontserbazio Bereziko Eremua berreskuratzen hasteko.
Hirigintza-arloan, 403.434 euroko inbertsioak aurreikusi dira . Besteak beste, Alde Zaharreko irisgarritasuna bermatzeko aurreikusitako lanei amaiera emango zaie San Roke eta Iribarrena kaleetan zenefa jarrita. Haitze kalea berreskuratzeko obrak ere burutuko dira. Horrez gain, Kultur etxearen fatxada eraberrituko da, eta udalerriko pare bat aparkaleku ordenatzea eta egokitzea ere aurreikusi da.

Horrez gain , Udal Gobernuak Zarautz Jauregirako idatzi den oinarrizko proiektua bultzatzeko ekarpena egingo du ; Udala 2019tik ari da proiektua lantzen, Eusko Jaurlaritzarekin eta Foru Aldundiarekin batera, eta bi erakunde horiek egindako diru-ekarpenaren kopuru proportzionala jartzea aurreikusten da, aurten 26.000 €. Herritarren ongizatea . Udal Gobernuaren aurrekontu-proposamenean, iazko aurrekontuan baino 40.000 euro gehiago aurreikusi dira Herritarren ongizatearekin lotutako ekimenetarako, hala nola Herritarren emergentzia sozialei erantzuteko (AES), Neguetxea egitasmorako eta Berdintasun Plana idazteko. Merkataritza eta bertako produktuak sustatzeko 22.500 euro bideratu nahi ditu Udal Gobernuak. Partida hori Babexa Dendari Elkartearekin izandako hartu-emanetatik ateratako zenbait ideia garatzeko izango da, bai eta Udala, URKOMErekin batera, garatzen ari den bertako produktuen identifikazio eta zabalkunderako ere. Getariako eragileei herria dinamizatzen jarraitzeko bideratzen zaizkien diru-partidei ere bere horretan eutsiko zaie.

 

Halere, 2022an, 22.000 euro gehiago bideratuko dira kirol-arlora , Getariako arraunlariek goren mailan arraun egiteko behar duten diru-kopurua osatzeko eta zenbait kirol-instalaziotan hobekuntzak egiteko. Bestalde, 2021ean, Getariako curriculuma osatzen hasi zen Udala, zenbait eragilerekin elkarlanean, herriko haurrekin landu ahal izateko; bide beretik jarraituz, 2022an 12.000 € jartzea proposatu du Udal Gobernuak. Azkenik, Getariako euskararen erabilera sustatzen jarraitzeko , 10.000 euro aurreikusi dira.


X