(+34) 943 896 024 (8:00 - 15:00) udala@getaria.eus

GETARIAKO MUSIKA ESKOLA BERRITZEN ARI DA, ORAIN ‘PEPITA ENBIL’ IZENA DU

GETARIAKO MUSIKA ESKOLA BERRITZEN ARI DA, ORAIN ‘PEPITA ENBIL’ IZENA DU

2021/11/22 – 18:30 – EKITALDIA ‘ONGI ETORRI PEPITA’

Getariako musika eskolari izena aldatu zaio; hemendik aurrera GETARIAKO PEPITA ENBIL MUSIKA ESKOLA ELKARTEA izango da musika etxearen izena. 

Pepita Enbil Getarian jaio zen 1918an, bizitza osoan izan zuen musikarekin harreman estua. Donostiako kontserbatorioan ikasi  zuen; handik Donostiako Orfeoira egin zuen salto. Eusko Abesbatza eta Eresoinka abesbatzetan aritu zen. Gerora, Parisera joan zen musika ikasketak hobetzera;  eta harrez geroztik, operetako abeslari gisa aritu zen munduko txoko ezberdinetan, hala nola, Madrilen, Kuban, Puerto Ricon, Venezuelan, eta Mexikon. Azken honetan, bere familiarekin batera konpainia propioa eratu zuen; eta bertan jaso zuen  “Zarzuelaren Erregiña” titulua 1966an.

Izen aldaketa honen helburuetariko bat herriko musikarien figura berreskuratzea da, eta herri bezala zor zaion omenaldia egitea; bere lana eta figura ezagutzera emanaz.  Balioan jarri nahi izan da Getariako herriaren memoria kolektiborako bere ekarpen artistikoa, harrigarria baita zein gutxi ezagutzen den soprano honen  figura eta bere bizitza.

Dena den, musika eskolan jada ezaguna zen Pepita Enbil, duela bizpahiru urte haren izena zuen ziklo musikala egin baitzen. Maiatzaren 8 batean ere  omenaldia eginez, musika eskolan “Pepita Enbil Musika Eskola” kartela ezarri zen.

Eskutik helduta eginiko bidea izan da orain artekoa, Getariako Udalak, Getariako Mariñak elkarteak eta Getariako Musika Eskolak elkarlanean sustatu, bultzatu eta gauzaturiko ekimena izan da izen aldaketa. Logoa ere berritu da, eta Eneritz Tirados Getariako bizilaguna izan da egilea. Guztiaren ondotik, beraz, ongi etorria emango diogu Pepitari; azaroaren 22an, arratsaldeko 18:30tan ekitaldia izango da musika eskola atarian. Abeslari ezagun honi omenaldia eginez, plaka jarriko da  -bere irudiaz eta Eneritz Abruza herritarraren poemaz atondua- eta ikasle, guraso, irakasle, udala, eta beste hainbaten ekarpenekin ekitaldi xumea izango da herritarren gozagarri.


X