Getariako Udala - 25/05/2023 / 12:23:33
Orain dela aste batzuk Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Sailak 5.000 biztanletik beherako udalerrietako Udal-estalkietan, eguzki-instalazio fotovoltaikoak ezartzeko diru-laguntzen deialdia atera zuen. Getariako Udalak proiektua aurkeztu eta orain jakinarazi zaio onartutakoen zerrendan dagoela. Datozen egunetan argitaratuko dute erabakia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO).
Diru-laguntza honen bitartez, polikiroldegian, Mia eta Askizuko frontoietan jabetza guztiz publikoa izango luketen eguzki-instalazio fotovoltaikoak ezarriko ziren eta tokiko energia-komunitateen bidez eta partekatutako autokontsumo-erregimenean, sortutako elektrizitatea herritarren onurarako izango zen; etxeetako fakturak gutxitzeko.
Aipatu berri den bezala, plaka fotovoltaikoen instalazioa Sahatsaga kiroldegian eta Askizu eta Miako pilotalekuan ezarriko ziren. Aldundiko Ingurumen Saila izango da obra guztiaz arduratuko dena, baita energia-komunitateak sortzeko (jada sortuta ez badago), dinamizatzeko eta kudeatzeko beharreko zerbitzuak kontratatuko dituenak. Guztira aurreikusten den zenbatekoa 279.892,36 €koa (BEZ barne) da eta gastu guztiaren %100 estaltzen du.
Esku-hartze honetarako Getariako Udalak doan emango dio baimena GFAri eguzki panel fotovoltaikoak Udal-estalkietan jartzeko eta Aldundia izango da, 5 urtez, instalazioen titularra, mantentzeaz eta monitorizatzeaz arduratuko dena. Behin epe hori pasata, eta ondasunak desafektatu ondoren, udalaren jabegora pasako dira.
Horrez gain, Udalak konpromisoa hartzen du instalazioen ustiapena eta bertan sortzen den energia tokiko energia-komunitatearen alde lagatzeko, gutxienez hogei urtez.
Azkenik, eta Aldundiko teknikariek egin dituzten aurreikuspenen arabera, aukeratutako hiru estalki horiek herri guztiari ematen dio estaldura (2 km-ko erradioa kontutan hartuta), eta nahikoa energia berriztagarri sor liteke etxe kopuru handi bat hornitzeko, biztanleriaren ia heren batetara iritsiz.