Getariako Udala - 30/05/2023 / 08:06:59
EKAINAK 1, osteguna
19:00etatik 21:00etara IRRINTZIA … EZAGUTU, PRAKTIKATU ETA IRRINTZILARI BIHURTU, TRANSMISIOA BERMATUZ, Iturzaeta aretoan.
- 19:00etan ‘ERRAIAK’ DOKUMENTALAREN PROIEKZIOA ETA SOLASALDIA. Kobazuloetatik datorkigun oihua. Entzun, sentitu eta kantatu egiten duguna. Hitzik gabeko hizkuntza.
Zuzendaria: Ekain Martinez de Lizarduy.
- Ondoren IRRINTZI TAILERRA, Amaia Garcia Uriondorekin.
Ordubeteko praktika.
Ikastaroaren helburuak honako hauek dira: animatzea, gero eta gehiagok adierazpide hau hartu eta erabil dezan; oihu honi buruzko ezagupenak ematea; nork bere soinua hobetzea eta ondo pasatzea.
Matrikula doan, aurrez izena eman behar da.
Ekain Martinez de Lizarduy irakasleak eta Arteman Komunikazioak lankidetzan egindako dokumental honek Euskal Herri osoan zehar irrintziarekin zerikusi zuzena duten pertsonen testigantzak jasotzen ditu.
Nondik dator irrintzia? Nola deitzen zaio Nafarroako mendietan, Gipuzkoako bailaretan edota Bizkaiko kostaldean? Zein da soinu miresgarri honen arrazoi zientifikoa?
Kobazuloetatik datorkigun oihua. Entzun, sentitu eta kantatu egiten duguna. Hitzik gabeko hizkuntza. Erraietatik ateratzen zaiguna. Arbasoen oihartzuna.
Baina noiztik dugu irrintzia gure artean? Bizirik jarraitzen al du XXI. mendean? Hauek eta beste hainbat galderen erantzuna bilatzen duen ariketa da Erraiak dokumentala. Euskal Herriko txoko ezberdinetan barrena murgilduz irrintziaren jatorria eta hedapenaren azterketa egin dugu. Ze eragin du irrintziak kostaldeko marinelen jardunean? Zer eragin barrualdeko bailaren egunerokoan?
Irrintzia ardatz izanda ekoiztu den dokumental bakarra dugu hau, euskara hutsean grabatutakoa. Euskal kulturaren sakontze ariketa paregabea. Goza ezazu!
Erraiak (2018) filma Rome International Movie Awards jaialdiko dokumental onena izendatu dute. Horrez gain, dokumental laburrik onenaren saria eta ikusleen saria jaso ditu Los Angelesko Legendary Doc Film Festival jaialdian.
Ekain Mtez. de Lizarduy zuzendaria izango da gurekin solasean aritzeko.
Datu teknikoak:
- Iraupena: 33 min
- Ekoizpen urtea: 2018
- Jatorrizko bertsioa: euskara