(+34) 943 896 024 (8:00 - 15:00) udala@getaria.eus

Getariako Udalak ‘Hazi Euskara Getarian’ kanpaina aurkeztuko du martxoaren 24an

Getariako Udalak ‘Hazi Euskara Getarian’ kanpaina aurkeztuko du martxoaren 24an

Hazi Euskara Getarian kanpaina aurkezteko ekitaldia antolatu du Getariako Udalak ostiralerako, martxoak 24. 18:00etan izango da hitzordua, Berdura Plazan, eta getariar guztiei zabaldu die bertaratzeko deia. Kanpainaren euskarri nagusiak bi dira: herriko lau txokotan egindako argazkidun kartelak eta 16 herritarren parte-hartzea duten bi spot, Cristobal Balenciaga Museoan grabatutakoak. Bada, horiek ikusteko ez ezik, euskararen erabileraren inguruan elkarrekin hausnartzeko tartea ere izango dute getariarrek. 

2021eko Hizkuntzen kaleko erabileraren 2021eko neurketaren arabera, Getariako hiztunen %68,4 sumatu ziren kalean euskaraz. Aurreko neurketarekin alderatuta, haurren adin tartean bakarrik izan zen igoera, ia puntu eta erdikoa. Beste adin tarteetan, aldiz, beherakada handia izan zen, batez ere, heldu nagusien (20 puntu) eta heldu gazteen (14 puntu) taldeetan. Datu horiek kezka eragin zuten Udalean, eta egoeraren aurrean zerbait egiteko unea zela erabaki zen.

Hala, Hazi Euskara Getarian abian da Getarian. Euskararen aldeko hizkuntza hautua indartzea du helburu, herritar bakoitzaren egoeratik abiatuta. Izan ere, kanpainak dioen moduan, Euskararen zabalkunde, garapen eta normalkuntza lanetan ibili direnei esker, getariar gehienak euskaraz hazi gara. Familia, ikasketak, lagunak, aisia, lana… alor guztietan gara eta izan gaitezke euskaldun. Baina euskararen erabilera jaitsi egin da gure kaleetan, eta orain, euskarak, gu behar gaitu. Hazi dezagun euskara Getarian.

Euskarriak

Kanpainak bi euskarri nagusi ditu: kartelak eta spotak. Kartelei dagokienez, lau dira guztira, eta bakoitzak herriko txoko ezberdin batean egindako irudia darama: moilan, plazan, parkean eta Kale Nagusian. Eszena bakoitzean, gainera, adin-tarte ezberdinetako getariarrak ageri dira, hizketan, jolasean, aisialdian eta lagun artean. Getariarren egunerokotasuna islatzen dute, eta espazio horietan, testuinguru horietan, egiten duten hizkuntzaren erabileraren inguruan pentsatzera gonbidatzen ditu.

Spoten kasuan, bi prestatu dira: Iturzaeta Herri Eskolako LH5 eta LH6ko sei ikaslerekin grabatutakoa, bata, eta 25-75 urte arteko hamar getariarrekin egindakoa, bestea. Biak ala biak Cristobal Balenciaga Museoan grabatu dira, eta gidoirik gabe, parte-hartzaileek egindako ekarpenak jasotzen dituzte. Horretarako, ‘Nor da Nor’ jolasa eta hainbat galdera egin zitzaizkien, eta bat-bateko elkarrizketaren irudiak hartu ziren.

Getariako Udalak bereziki eskertu nahi die kanpainan parte hartzeko prest agertu izana.

Ekitaldia

Martxoaren 24an, ostirala, egingo da kanpaina aurkezteko ekitaldia. 18:00etan egin du hitzordua Udalak, Plazan. Intza Gurrutxagak gidatuko du saioa, eta Haritz Alberdi Getariako alkatearekin batera, hainbat herritar igoko dira oholtza gainera. Bideoak proiektatzeaz gain, eta kanpainaren oinarrian dauden galderen inguruan gogoeta egiteko tartea izango da, elkarrekin. Udalak getariar guztiei zabaldu die bertaratzeko gonbita.


X