(+34) 943 896 024 (8:00 - 15:00) udala@getaria.eus

Azken hilabeteetan egindako lanaren ondoren Berdintasun Diagnostikoa aurkeztu du Getariako Udalak

Azken hilabeteetan egindako lanaren ondoren Berdintasun Diagnostikoa aurkeztu du Getariako Udalak

Azken hilabeteetako lanaren emaitza den 75 orriko txostenean Getariako emakumeen eta gizonen berdintasun-egoeraren berri jasotzen da. Txostenean herriko egunerokotasuna eta errealitate ezberdinak azaleratzen dituzten 15 arlo genero-ikuspegitik aztertzen dira, eta bukaeran aurrera begirako erronkak ere identifikatzen dira. Diagnostikoa Getariako Udalak eta Emun Aholkularitzak elkarlanean sortu dute, baina ezinbestekoa izan da herritarren inplikazioa, getariarren parte-hartzea izan baita prozesuaren ardatzetako bat. Galdetegia eta elkarrizketak egin dira diagnostikoa osatzeko, eta guztira, profil, adin, jatorri eta testuinguru ezberdinetako 100 herritarren ekarpenak jasotzen ditu txostenak.
Aztertutako gaien artean udalaren barne errealitatea aztertzera bideratutakoak eta herritarren egunerokotasunaren berri izatera bideratutakoak daude. Udalari dagokionez, genero ikuspegia zuzenean zein zeharka lantzeko praktika ezberdinak identifikatu dira, eta ondorioz genero berdintasunaren lanketan ibilbide bat baduela jasotzen du diagnostikoak. Gainera, bide horretan aurrera egiteko gogoa duen talde bat dagoela ere ondorioztatzen da. Erronken artean, genero berdintasuna zeharka txertatzeko ezagutza teknikoan sakontzea edota udaleko alor batzuetan ematen den segregazio horizontala gainditzea daude, besteak beste.
Herriko egunerokotasunari dagokionez, zaintza lanak edota kirol eta kultur arloak aztertzen dira, besteak beste. Arlo horietan, azken urteetan aurrerapausoak eman direla identifikatu bada ere, oraindik genero-estereotipoak indarrean daudela ondorioztatu du diagnostikoak. Bide horretan, ohiko rol tradizionalak gainditzeko erronka jasotzen du txostenak. Horrez gain, herritarren ekarpenek emakumeen ahalduntzearen garrantzia eta indarkeria matxistari aurre egiteko beharra ere azpimarratzen dute, eta behar hori ere jasotzen du dokumentuak.
Herritarrek ere, egindako lanaren berri izan dezaten, txostena udalaren webgunean eskuragarri egongo da.
Ondorengo egitekoa, jasotako informazioa datozen urteetan egikarituko den ekintza plan batean islatzea izango da; Getariako I. Berdintasun Planean hain zuzen. Berdintasun plan honen diseinua 2022 urtean zehar burutuko da, eta horretan ere funtsezkoak izango dira herritarren ekarpenak.

Getaria_GB_DIAGNOSTIKO_txostena


X