Getariako Udala - 22/06/2023 / 10:50:50
Getariako udalak eta Getariako liburutegiak elkarlanean Saguzulo haurren irakurle-taldea jarriko dute martxan urritik aurrera, LH5 eta LHko haurretzat.
Irakurle-taldeak fenomeno zabaldua dira Euskal Herrian. Aldian-aldian, liburu baten inguruan hitz egiteko elkartu ohi dira irakurzaleak. Getarian 2011tik elkartzen dira Katukale irakurle-taldean eta, urteotan guztiotan, 110 liburu irakurri eta komentatu dituzte elkarrekin.
Ez dira hainbeste haurren irakurle-taldeak, baina abian diren egitasmoek oso emaitza ederrak eman dituzte. Saguzulo haurren irakurle-taldean hilabetean behin elkartuko dira, 8 liburu landuko dituzte urritik maiatzera.
Liburuzaina arduratuko da irakurle bakoitzari hileroko liburuak lortzeaz. Euskarazko liburuak irakurriko dituzte, euskaraz sortuak edo euskara itzuliak. Ikasturtean zehar idazle edo ilustratzaile baten bisita jasoko dute haurrek, berarekin sortze-prozesuaz hitz egiteko.
Literaturarekin gozatzea da helburua, eta liburuek eskain dezaketen guztia zukutzea: hitzaren plazerrean sakontzea, pentsamendua aktibatzea, estetika berriak topatzea, hainbat istorio eta pertsonaiaren eskutik barne eta kanpo munduetara bidaiatzea.
Uxue Alberdi izango da taldeko dinamizatzailea. Liburu-zerrenda bat proposatuko du, ahalik eta interesgarriena eta askotarikoa, eta bertatik hautatuko dituzte taldekideek irakurgaiak. Haurrek ere egin ahal izango dituzte proposamenak, noski. Dinamizatzaileak parte-hartzaileen hitzari emango dio garrantzia, konfiantzazko giro lasaian literaturaz hitz egiteko, haurren iritziak eta emozioak erdigunean jarriz. Bakoitzaren ikuspuntua, gustuak, ulerkera… errespetatu eta besteena entzuten trebatuko dira.
Ekainaren 26an irekiko da izen-ematea liburutegian bertan, eta irailaren16an izango da izena emateko azken eguna. Irailaren 26 aurkezpen-saio bat egingo dute elkar ezagutzeko, taldearen asmoen berri emateko eta liburuen maletatik lehenengo bi irakurgaiak aukeratzeko.