(+34) 943 896 024 (8:00 - 15:00) udala@getaria.eus

PONTE DA BARCAKO ORDEZKARIAK HARTU DITUZTE GAUR GETARIAKO UDALAK ETA ELKANO FUNDAZIOAK

PONTE DA BARCAKO ORDEZKARIAK HARTU DITUZTE GAUR GETARIAKO UDALAK ETA ELKANO FUNDAZIOAK

Lar, 30/11/2019 – 07:23

Mundubiraren bosgarren mendeurrena dela eta antolatzen ari diren egitasmoak partekatu dituzte, lankidetzarako lerro posibleak aztertuz
Mundubirari lotuta, beste herrialdeen ahotsa ere ezagutu eta landu nahi dute Fundazioak zein Udalak

Getariako Udalak eta Elkano Fundaziak Portugaleko Ponte da Barcako ordezkariak hartu dituzte gaur Getarian, Elkanoren mundubiraren bosgarren mendeurrena dela eta bata zein bestea antolatzen ari diren egitasmoak partekatzeko, elementu amankomunak bilatu eta lankidetzarako lan lerro posible batzuk aztertzeko. Mundubira osotasunean ulertzeko, Udalak eta Fundazioak beste herrialdeen ikuspegia ere ezagutu nahi dute.
Haritz Alberdi alkateak eta Fundazioko lantaldeak hartu dute parte lan bileran –Ion Irurzun zuzendariak, Rafa Zulaika proiektu koordinatzaileak eta Alaia Berriozabal proiektuen teknikariak. Portugaleko ordezkaritza, berriz, honakoek osatu dute: Augusto Marinho alkateak, José Pedro Carneiro kultur arloko arduraduna eta Marta Miranda arkeologoa.
Bertako zein nazioarteko eragile publiko eta pribatuen lankidetza sustatzea da Elkano 500 Fundazioaren premisetako bat bere proiektuak garatzeko orduan. Bilera honetan, esaterako, lankidetzarako lan lerro posible batzuk aztertu dira, bereziki ezagutza berria sortu eta gizarteratzeari begira.
Gainera, erakunde bien ikuspegitik, gaur egungo erronkei erantzuna emateko ezinbestekoa da beste herrialde eta agente batzuekin elementu amankomunak bilatzea. Horregatik, lehen mundubiraren gertakari historikoa ulertu eta bere osotasunean landu ahal izateko, Getariako Udalak eta Elkano Fundazioak ezinbestekotzat jotzen dute beste perspektiba batzuk ezagutzea eta beste herrialde batzuei ahotsa ematea. Besteak beste Patagonia, Filipinak, Cabo Verde edota Portugaleko ikuspegia ezagutu nahi dituzte eta, hori dela eta, Euskaditik kanpora ere Fundazioak lankidetzarako aukerak aztertu ditu.

 

Ez da hau Portugaleko ordezkariak hartzen dituzten lehen aldia. Izan ere, maiatzean bilera egin zuten Francisco Ribeiro de Menezesekin, Portugalek
Espainian duen enbaxadorea, eta enbaxadako kontseilari Carlos Costarekin, lankidetza-bideak aztertzeko.

– Euskaldunak eta portugaldarrak mundubiran:
1519ko abuztuaren 10ean 238 gizon ontziratu ziren espezien irletara merkataritza-bide berriak irekitzea helburu zuen espedizioan, eta espedizio hark munduaren inguruko lehen bira burutu zuen. 31 gizon euskaldunak ziren, eta 24, portugaldarrak, horien artean Fernando de Magallanes, Victoria naoko eta armadako kapitaina izan zena Mactan (Filipinak) irlan hil zen arte. Portugaldarra hil eta gero, Elkano izendatu zuten Victoriako kapitain, eta ontzi horrekin eman zion bira lurrari, irletara iristeko egindako bide bera egin beharrean, Moluketatik itzultzeko mendebalderantz nabigatzea erabaki baitzuen.


X