(+34) 943 896 024 (8:00 - 15:00) udala@getaria.eus

ATERA BANDEROLAK!

ATERA BANDEROLAK!

Ast, 14/01/2014 – 01:00

Hasi da 2014ko Gipuzkoako Batel Liga. Larunbatean, urtarrilaren 11ean, lehendabiziko jardunaldia jokatu da, Donostiako Loiola auzoan. Eguraldi ona izan zen, eta horren ondorioz nahiko jende bildu zen Urumea ibaiaren bazterretan neska-mutilak arraunean ikustera.Hasierako jardunaldia gazi gozoa izan da Getariako Arraun Taldeko neska-mutilentzat.Lehendabizi parte hartzen mutil infantilak izan ditugu. Patroia eta bi arraunlari berriak dira arraun kontuetan. Irteeran estatxarekin arazotxo bat izan arren, abian ekin zioten arraunketari. Denera 16 batelek parte hartu dute eta gure ontzia bederatzigarren sailkatu da, irabazlea izan den Orio A ontzitik 23 segundora.Mutil kadete mailan 23 batelek hartu zuten parte. Horietatik gureak bi ontzi izan ziren, eta benetan emaitza onak izan zituzten biek. Irabazlea Hernani A ontzia izan zen, baina Getaria A ontzia bigarren sailkatu zen, 66 ehunekoetan; Getaria B ontzia, aldiz, zortzigarrena, irabazi zuenetik 17 segundora. Erlojuaren kontra izan zen estropada, eta pena izan zen estropada guztian A ontzia lehendabizi joan arren, parte hartzen izan zen azkeneko ontziak kendu ziola garaipena.Neska jubenil mailan, aldiz, ez zen emaitza onik izan. 4.ak izan ziren, irabazlea izan zen Orio ontzitik 12 segundora. Estropada ona egiteko aukerarik ez zuten izan, baina aitortu behar da azkeneko astera arte ez zutela batelean entrenatzerik izan. Ziur gaude aurreko urteetan izan duten mailara laster bueltatuko direla. Animo!Mutil jubenil mailan, denera 15 ontzik hartu zuten parte. Maila honetan gure taldetik bi ontzi izan genituen, eta erdi mailako emaitzak lortu zituzten. Irabazlea Ilunbe A ontzia izan zen. Getaria A ontzia 6.a izan zen, 19 segundotara, eta Getaria B ontzia 11.a, 34 segundotara.Batel liga hasi da, eta honekin 2014ko arraun denboraldia. Zergatik ez atera balkoietara etxean gordeta dugun “Aupa Getaria” dioen banderola marroia?


X