(+34) 943 896 024 (8:00 - 15:00) udala@getaria.eus

BIALA IREKIKO DA HURRENGO ASTEAN

BIALA IREKIKO DA HURRENGO ASTEAN

SAHATSAGA ETA HERRERIETA ARTEKO BIDEA ZABALIK

2014. urtean, Udalak hitzarmen bat sinatu zuen sustatzaile pribatu batekin, Sahatsaga eremuan 60 etxebizitza egitea ahalbidetzeko, babes ofizialeko 20 etxebizitza, 20 udal-etxebizitza tasatu eta 20 etxebizitza libre, zehazki. Hitzarmen hartan, Sahatsaga kalea Herrerieta kalearekin lotzeko bide-zati berri bat eraikitzea ere adostu zen. Bide-zati hori, berez, Potzuagako eremuan etorkizun batean egingo diren etxeen urbanizazio-lanen parte da, baina 2014an egoki ikusi zen lanak aurreratzea, Potzuagako etxeak eraiki bitartean zain egon gabe. Horretarako, Udalak 240.000 € inguru aurreratu zituen.

Haritz Alberdi Getariako alkatearen arabera, “bi norabideko bidea izango duela erabaki zuten aurreko legegintzaldian, eta, gehienez, 30 km orduko abiaduran ibili ahal izango dela. Ondo hartutako erabakia izan zen eta guk exekutatu egin dugu”. Joan-etorriko pasabidea izatearen arrazoia, hain zuzen, herritarrei oinarrizko zerbitzuetara iristeko modua erraztea izan da alkateak adierazi duenez, umeak eskolara hurbiltzerakoan, esate baterako.

Bidearen albo batean espaloi bat eraiki da, eta herritik kanposanturako oinezko bidea ere moldatu egin da. Horrez gain, eta oinarrizko proiektuan aurreikusi ez bazen ere, zebra-bideak espaloiaren mailan jartzea erabaki du Udalak, “alde batetik, irisgarritasuna hobetu eta oinezkoak beti maila berean ibil daitezen, eta bestetik, autoen abiadura moteltzen lagundu dezan”.

Bestalde, Haritz Alberdi alkateak gaineratu duenez, ibilgailu astunek ezingo dute Sahatsaga eta Herrerieta lotuko dituen bide hau erabili.

Lanak bukatuta, 264.000 € inguruko kostua izan da guztira, zenbait hobekuntza egin direlako eta datozen esku-hartzeetarako ezinbestekoak izango diren telekomunikazio-sistemak sartu direlako. Potzuagan etxe berriak egiten direnean, Udalak aurreratutako diru hori berreskuratzeko aukera izango du.


X