(+34) 943 896 024 (8:00 - 15:00) udala@getaria.eus

NEURRI EKONOMIKOAK COVID19ak

NEURRI EKONOMIKOAK COVID19ak

Covid-19aren ondorio ekonomikoei aurre egiteko 100.000€ko diru-laguntza bideratuko du Getariako Udalak.

Azken asteetan Udala 2020ko aurrekontuak egokitzen aritu da. Izan ere, udalen diru-sarrera nagusia, Foru Aldundiak kudeatzen duen Udalen Finantzaketarako Fondoa, % 20-25 murriztuko den aurreikuspena izanik, udal-aurrekontuan 400.00 – 500.000 euroko egokitzapena egin beharko da; horretarako, alde batetik, aurrekontua murriztuko da, eta bestetik, azken urtetan aurreztutako Udalaren gerakina baliatuko da.

Aurrekontua egoera berrira egokitzerakoan, hainbat irizpide hartu dira  kontuan: oinarrizko inbertsioei eta obrei eustea, gizarte-zerbitzuetarako partida handitzea, jardera ekonomikoak berpizteko diru funtsa sortzea  eta kultura-eragileen laguntzak mantentzea. Hau da, Udalaren asmoa da aurrekontuaren murrizketak herrian ahalik eta eragin txikiena izatea.

Martxoan hartu zituen Udalak Covid-19ari aurre egiteko urgentziazko lehen erabakiak, hala nola ibilgailuen gaineko zerga atzeratzea, udal-zerbitzuen kontratuekin jarraitzea eta kiroldegiko kuotak etetea.

Eta orain, eta aurrekontuen errealitate berria ezagututa, aurrera begirako neurriak hartu dira:

Alde batetik pertsonei zuzeneko laguntzak eskeintzea eta bestetik, herriko jarduera ekonomikoak berpizten laguntzea. Udalak, oraingoz, 100.000 € bideratu ditu laguntza desberdinetara; diru hau, aurrekontuen egokitzapenetik eta gerakinetik bideratuko da.

Diru-laguntzen lehen lerroa pertsonentzako zuzeneko laguntza izango da. Horretarako, gizarte-laguntzetarako aurrekontua hirukoiztu Udalak, 20.000€ bideratuta. Partida horretan Jaurlaritzak egiten duen ekarpena ere igo egin da; beraz, 50.000 € izango dira guztira xede horretarako. Laguntza-lerro horretara behar adina diru bideratzeko konpromiso betea du Udalak, diru-poltsa amaitu arren, beharra duten herritar guztiek laguntza izan dezaten.

Diru-laguntza horien berri herriko ohiko komunikabideen bitartez emango da, bai eta etxez etxe banatuko diren informazio-triptikoen bitartez ere. Hala ere, zalantzarik izanez gero, udaletxera deituz informazioa jasotzeko aukera izango da, datorren asteazkenetik (maiatzaren 6tik) aurrera.

Bigarren laguntza-lerroa Getariako jarduera ekonomikoak suspertzera bideratuko da eta momentuz 80.000€ aurreikusi ditu; krisia hasi zenetik, Udalak etengabeko harremana izan du herriko merkatariekin, ostalariekin eta bestelako zerbitzuak ematen dituzten herritarrekin, bai eta sektore horietako Babexa eta Getabat elkarteetako ordezkariekin ere; horregatik, bizi duten egoeraren ezagutza zuzena du.

Arlo horietako ekonomia suspertzeko diru-laguntzak bi modutan bideratuko dira:

  • Alde batetik, enpresen garapenaren eskumena eta kudeaketa Urola Kostako Udal Elkarterena izanik, bertara bideratuko dira udalak beharrezko baliabide ekonomikoak.
  • Eta bestetik, zuzeneko neurrien bidez. Horretarako, hain zuzen, herriko merkatariak, ostalariak eta beste zerbitzuetako ordezkariak bilduko dituen gune bat sortu  du Udalak, hartuko diren neurri berriak elkarlanean adosteko.

Orain bitartean adostu diren zuzeneko neurriak : bertako kontsumoa indartzeko kontzientziazio-kanpaina egitea, erosketak erosoago egiteko Harritarteko aparkalekuko denbora-tartea luzatzea, ostalaritzako terrazen kuota egokitzea, aparkamendu-sistema berriaren ezarpena hurrengo udara arte atzeratzea eta, zerbitzu horien irekierari begira, jendea Getariara erakartzeko kanpaina sustatu eta babes neurriak ezartzea.

Hurrengo astetarako neurri berriak aztertzen ari gara eragile ekonomikoekin, besteak beste, herriko dendetan bonoen bidez erosketa sistema bat.

Getarian, 2020ko apirilaren 29an.

 


X