(+34) 943 896 024 (8:00 - 15:00) udala@getaria.eus

Getariako Udalak Zarautz Jauregiko Obra Arkitektonikoaren esleipena martxan jarri du

Getariako Udalak Zarautz Jauregiko Obra Arkitektonikoaren esleipena martxan jarri du

Exekuziorako obra-proiektua idatzi eta obra-zuzendaritza Vaumm Arquitectura y Urbanismo, S.L.-ri esleitu zitzaion, eta, orain, lanak aurrera eramango dituen enpresa kontratatzeko esleipena egingo da.

2019an, Getariako Udalak martxan jarri zuen hainbat hamarkadatan hutsik egon den eraikina berreraikitzeko egitasmoa. Ordutik, Udalak eraikin publiko horretarako ideia zehaztu, oinarrizko proiektua idatzi eta beste hainbat urrats egin ditu, instituzio desberdinekin elkarlanean.

Orain dela hilabete batzuk, oinarrizko proiektu arkitektonikoa eta museografikoa eskuetan izanda, eta zenbait instituzioren finantzaketa-konpromisoa lortuta, proiektua idatzi eta zuzenduko zuten enpresak kontratatu ziren, bi lizitazioren bitartez.

Vaumm enpresak exekuzio-proiektua idatzi du, eta, orain, obrak aurrera eramango dituen enpresa kontratatuko da, esleipen baten bitartez.

Vaumm enpresak idatzitako proiektuan jasotzen denez, obra arkitektonikoaren  aurrekontua 2.890.769,78 €-koa izango da (BEZ barne). Kopuru horrek Udal aurrekontuaren %10a gainditzen duenez, obra horren kontratazio-espediente osoa eta esleipena Udaleko osoko bilkurak onartu behar ditu.

Hala, Udalbatzak onartu berri duen administrazio-espedienteak honako hauek jasotzen ditu: Vaumm enpresak idatzi duen exekuziorako obra-proiektua, Udaleko zerbitzu teknikoen aldeko txostenak, administrazio-pleguak eta plegu-teknikoak.

Aipatu berri diren txosten horietako batean –kontu-hartzaileak egin duen txostenean, hain zuzen ere– jasota geratzen da Getariako Udalak aipatutako kontratazioa baimentzeko behar beste aurrekontu eta funts duela eta izango duela 2022., 2023. eta 2024. urteetako ekitaldien Udal Aurrekontu Orokorrean. Izan ere, 2022an, dagoeneko, Jaurlaritzak eta Aldundiak 525.101,84 € transferitu dizkiote Getariako Udalari. Horrez gain, 2023rako, MRR Europar Funtsetako 796.727,16 € jasoko dira, eta Jaurlaritzak eta Aldundiak beste 784.470,4 € jarriko dituzte. Azkenik, 2024ari dagokionez, dagoeneko adostuta dago Jaurlaritzaren eta Foru Aldundiaren 784.470,4 €-ko konpromiso-kreditua.

Konpromiso-kreditu hori, eta behin betiko hitzarmena sinatu bitartean, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Ondarearen zuzendariak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendari nagusiak sinatu dituzten ziurtagirien bitartez lotu da egitasmoa. Ziurtagiri horien bitartez, konpromiso hauek hartu dituzte Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak: batetik, Jaurlaritzak Udalari transferituko dizkiola MRR Europar Funtsetatik jasotzen duen diru-kantitate hori, eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak erdibana ordainduko dutela Zarautz Jauregia birgaitzeko obren eta ordainsari teknikoen gainerako kostua (% 50 bakoitzak).

Proiektuaren inguruko informazio guztia hemen eskuratu daiteke:

https://www.contratacion.euskadi.eus/w32-kpeperfi/eu/contenidos/anuncio_contratacion/expjaso339005/eu_doc/index.html


X