Getariako Udala - 15/05/2020 / 20:34:03
Ost, 15/05/2020 – 20:34
Bilera hauen bidez Getariako Udalak Covid19aren krisiaren kudeaketan emandako azken urratsen berri eman nahi du.
Dendei, tabernei eta bestelako zerbitzuei dagokionez, Babexa eta Getabat elkarteekin elkarlanean, irekiera-plana martxan ipini da, eta babes-neurriak eta protokoloak adostu ditugu; horrela, pixkanaka, herria martxan jartzen joango gara denon artean. Hala ere, ezin da ahaztu denon betebeharra dela segurtasun-neurriak betetzea.
Udalaren egoera ekonomikoari dagokionez, Foru Aldundiak % 20 murriztu du, momentuz, udalei egingo dien ekarpena (fondo forala). Hala ere, Getariako Udalak murrizketa % 25ekoa izango dela aurreikusi du (500.000 €).
Aurreikuspen horiek kontuan hartuz, dagoeneko zehaztu dira 2020ko aurrekontuan egin beharreko egokitzapen-proposamenak. Horrez gain, beste 100.000 € gorde dira, hainbat laguntza eman ahal izateko.
Haritz Alberdi alkateak 4 bilera egin ditu EAJko udal ordezkariekin egoera ekonomikoa azaltzeko eta proposamenaren berri emateko; horrez gain, ostegunean, udaletxeko langile guztiekin bildu zen.
Ildo berean, herritarrekiko dugun gardentasun-politikarekin jarraituz, bilkura baterako deia egin zaie herriko kultura, kirol eta ekonomia eragile guztiei hurrengo egunetan, egoeraren berri zuzenean jakin dezaten, eta beren iritziak eta proposamenak egiteko aukera izan dezaten.
Bilera horiek guztiak, noski, Osakidetzak agindutako segurtasun-neurriak betez egingo dira.
Laguntza ekonomikoei dagokionez, pertsonei bideratutako laguntza zuzenak martxan daude, eta dagoeneko eskariak jasotzen ari gara Gizarte Zerbitzuen sailean.
Jarduera ekonomikotara bideratutako laguntzei dagokienez, Urola Kostako Udal Elkartearekin ari gara lanketan, eta hurrengo astetan zehaztuko dira.
Horrez gain, Udala beste zenbait ekimen bideratzen ari da, dagoeneko, hala nola Heldu Estatxa: getariarron txanda da! bertako merkataritza txikia sustatzeko kanpaina, terrazen kuotaren egokitzapena eta udako aparkalekuen kudeaketa.
Hurrengo erronkak uda-sasoiari begira izango dira, hondartzaren eta aparkalekuaren kudeaketarekin lotuta, bereziki.
Azkenik, , egoerak ahalbidetzen duenean, UDALA INFORMATZEN saio berezia antolatuko da herritar guztientzat, egindakoaren berri emateko; bien bitartean, ohiko hedabideen bidez emango da hartutako erabakien berri. Nolanahi ere, Udalak ateak zabalik ditu herritarren edozein zalantza argitzeko.