(+34) 943 896 024 (8:00 - 15:00) udala@getaria.eus

Getaria, Zestoa eta Zumaiako kiroldegiak ‘Mugiment kirol txartela’ egitasmora atxiki dira

Getaria, Zestoa eta Zumaiako kiroldegiak ‘Mugiment kirol txartela’ egitasmora atxiki dira

Lar, 13/03/2021 – 09:43

“Txartel birtual” honi esker, udalerrien kirol zerbitzuetako abonatuek programara atxikitako beste udalerrietako kirol instalazioak erabili ditzakete. Hala, aurrerantzean, Getaria, Zestoa eta Zumaiako abonatuek gainontzeko herrietako zerbitzuak baliatu ahal izango dituzte, zehaztutako ordutegietan betiere.

Eusko Jaurlaritzak aldundiekin eta udalekin batera bultzatutako proiektua Getariara, Zestoara eta Zumaiara ere iritsi da. Jose Inazio Atorrasagasti Getariako kiroldegiko arduradunak, Ekaitz Esteban Getariako Udaleko kirol zinegotziak, Aitor Salegi Zestoako kirol zinegotziak, Antxon Alberdi Zumaiako kiroldegiko arduradunak eta Arritxu Iribar Zumaiako kirol zinegotziak aurkeztu dute ekimena Zumaiako kiroldegian. Astelehenetik aurrera hartu ahal izango dira txandak, app-a erabiliz.

Mugiment Kirol Txartela doako ‘txartel birtuala’ da. Egitasmoaren helburuak dira kirola sustatzea eta kirol eskaintza zabaltzea. Horren bidez, abonatuek sarean atxikita dauden gainontzeko udalerrietako kirol-instalazioak erabili ditzakete. Txartela birtuala izanik, internetera konexioa duen mugikorra besterik ez du beharko erabiltzaileak. App-a instalatu eta gero, ondoko udalerriko ordutegiak kontsultatu eta txanda aukeratu ahal izango dute erabiltzaileek. Baldintza bakarra norbere udalerriko abonatua izatea da.

Getariako, Zestoako eta Zumaiako udal ordezkariek zein kiroldegietako arduradunek uste dute Mugiment Kirol Txartela programara atxikitzeak onurak ekarriko dizkietela eskualdeko herritarrei zein eskualdean lan egiten dutenei.

Funtzionamendua

Txartela doakoa da, baina beharrezkoa da udalaren kirol zerbitzuan abonatuta egotea txartela erabili ahal izateko. Bestalde, masifikazioak saihesteko, udalerriek zerbitzu mankomunatuetara sartzeko ordutegiak mugatzen dituzte kasu gehienetan. Horregatik, garrantzitsua da gainontzeko udalerrietako zerbitzuak erabiltzeko ordutegiak ondo begiratzea.

Honako hauek dira Kirol Txartela erabiltzeko pausuak:

  1. Mugikorrean Mugiment Kirol Txartela app-a instalatu.

  2. Erregistratu datu pertsonalak emanez: e-posta eta NAN zenbakia, abonatua den instalazioaren izena adieraziz.

  3. Esandako erakundea balioztatu ondoren eta notifikazioa jaso ostean, Mugiment Kirol Txartela erabil daiteke.

  4. Kirol instalaziora sartzean, “txartel birtuala” eta NANa erakutsi behar da.

  5. Instalazioaren langileak sarrera erregistratzen du, erabiltzailearen mugikorrean egiaztatze kodea sartuz eta sarrera emanez.


X