(+34) 943 896 024 (8:00 - 15:00) udala@getaria.eus

ZARAUTZ JAUREGIA ERABERRITZEKO LANAK MARTXAN

ZARAUTZ JAUREGIA ERABERRITZEKO LANAK MARTXAN

Obra-proiektua idatzi eta obra-zuzendaritza zerbitzua gauzatzeko esleipena martxan jarri du Getariako Udalak. Lan horien aurrekontua 246.366,12 €koa da, BEZ barne.

Getariako Udalak 2019. urtean ekin zion herrigunearen erdian dagoen XVI. mendeko Zarautz jauregia birgaitu eta erabilera publikorako egokitzeko proiektua idazteari, Aldundiaren babesarekin. Hala, Oinarrizko Proiektuak Jaurlaritzaren eta Aldundiaren babes osoa lortuta, Udala eraikina erreformatzeko lehen urratsak ematen hasi da.

Aurkeztutako ekimenak ekipamentu berri bat eraikitzea aurreikusten du. “Elkano Mundubira espazioa” izeneko proiektuak Elkanoren irudia eta munduaren lehen itzuliaren historia modu erakargarrian erakusteko leku bat izan nahi du, iraunkortasun-irizpideekin diseinatua eta kultura-aniztasuna errespetatzen duten egungo balioak kontuan hartzen dituena.

Proiektuaren arabera, eraikinak 4 solairu izatea aurreikusten da. Behe-solairuan turismo-bulegoa egongo litzateke, Getariako historiari eta monumentuari eskainitako interpretazio-elementuekin osatuta. Lehen solairua Elkanoren irudiari eta euskal itsas ondareari buruzko gunea litzateke. Bigarrenean, Mundubira izango litzateke ardatza, bidaiaren gorabeherekin. Hirugarren solairua, berriz, hausnarketarako gunea izango litzateke, bidaia hark gaur egungo globalizazioan izan zituen eraginekin lotuta, eta, azkenik, laugarren solairuan, getariarrentzako erabilera anitzeko espazio bat egongo litzateke, askotariko tailerrak, hitzaldiak edota erakusketak  egiteko.

Bestalde, Getariako Udalak proiektu museografikoa idatzi eta zuzentzeko esleipena aterako du datozen egunetan, 68.197,37 €-tan (BEZ barne).


X