(+34) 943 896 024 (8:00 - 15:00) udala@getaria.eus

Getariako Portuko Antolamenduko Plan Berezia aztertuta, Getariako Udalak 13 alegazio eta ekarpen aurkeztu ditu

Getariako Portuko Antolamenduko Plan Berezia aztertuta, Getariako Udalak 13 alegazio eta ekarpen aurkeztu ditu

Ast, 22/02/2021 – 12:47

2020ko abenduaren 10ean, Eusko Jaurlaritzak Getariako Portuko Plan Berezia aurkeztu eta Hasierako Onespen faseari hasiera eman zion.

Getariako Udalak, hausnarketa egin ondoren, 13 alegazio egin dizkio planari.

Ondoren, otsailaren 18an, Udala Informatzen saio telematiko bidez, herritarrei aurkeztu zizkien alegazioak.

DOMUMENATZIOA

Getariako Portuko Plan Berezia (Jaurlaritza)

Udalaren alegazioak

Udala informatzen saioa bideoa

ALEGAZIOEN LABURPENA

Getariako Portuko Antolamenduko Plan Berezia dokumentua aztertuta, Getariako Udalak 13 alegazio eta ekarpen aurkeztu zituen pasa den astelehenean.

Ekarpen nagusik honako hauek dira:

  1. Eusko Jaurlaritzaren Planak 2000. urtetik hona arrantza-ontzien kopurua progresiboki jaitsi dela aipatzen du eta etorkizunean ez dela aurreikusten joera-aldaketarik egongo denik. Getariako Udalak gogorarazi du Getariako portuak euskal kostaldeko arrantza-portu garrantzitsuenetako bat izaten jarraitzen duela, eta aldarrikatu du, lurraldean errotatutako lanpostuei eusteko eta tokiko ekonomia eta sektoreari lotutako industriak jasotzen dituen portua izaten jarrai dezan, ezinbestekoa duela gainbeheran datorren joerari buelta ematea. Horrez gain, moila zaharreko arrantzako dartsenen ur-geruzaren erabilera baxurako eta artisau arrantzarako nahitaezkoak direnez, bere horretan mantentzea eskatu du.
  2. Aisialdiko arrantza eta ur-kiroletako jardueren atalean, EKPk kudeatzen dituen amarralekuen inguruan jarduten du Planak. Bertan aipatzen denez, gaur egun 274 amarraleku daude, eta 211 ontzi itxarote-zerrendan. Gaineratzen duenez, amarralekuen kopurua handitzeaz batera, jarduera-portura beste jarduera batzuk erakartzeko aukera egongo litzateke. Getariako Udalaren iritziz, amarralekuek eta bertan dauden instalazioek gaitasuna dute herriaren beharrei erantzun egokia emateko, eta nahikoa eta nahitaezkoa da modu egokian ordenatzea. Modu horretara, Getariako herriak itsas ondarearekin duen lotura ziurtatuko litzateke. Kirol-jarduerei dagokionean, herriak jada bere dituen itsas jarduerei erantzun egokia emateko balio behar dute amarralekuek, hala nola arraunketari eta urpekaritzari.
  3. Portuan gauzatu daitezkeen erabilerei dagokionez, Getariako Udalak, Turismo jasangarrirako plana idazteko diagnostikoan eta Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Antolaketako Gidalerroetan oinarrituta, ostatu-erabilera debekatzea eskatu du, eta, aldi berean, lehentasuna ematea egoera kaskarrean dauden eraikinak birgaitzeari (Kofradia zaharra, izotz-fabrika eta Tintalekua). Gainera, kofradia zaharraren kasuan, Europako irizpide berriekin bat egin dezaketen proiektuak jaso ditzakeela adierazi da, eta Tintalekua itsas aktibitateen beharretarako baliatzea ere proposatu da. Planak hondartza-zati bat kentzea ere planteatzen du, eta Udalak planteamendu horren aurka dagoela adierazi du, herriko espazio libre erabilienetakoa eta kuttunenetakoa dela argudiatuz.
  4. Bestalde, moilan 555 ibilgailurentzako lekua izango luketen bi aparkaleku eraikitzeko aukera irekitzen du planak. Getariako udalak ongi ikusten du aparkalekuren bat egitea, baldin eta gaur egungo moilako aparkalekua ordenatzeko eta oinezkoentzako espazio irekiak sortzeko bada, baina guztiz baztertzen du egungo aparkalekuari beste 555 aparkaleku gehitzeko proposamena; izan ere, herriak jasotzen duen bisitari-kopurua handia da dagoeneko, eta aparkaleku gehiago egiteak kalte egingo lioke herrian eskaintzen den kalitateari. Gainera, lur azpiko aparkalekuak egin aurretik, egungo eraikinak horretarako erabiltzea proposatzen da, horrela irtenbidea emango bailitzaioke gaur egungo egoera edo etorkizunean suertatu daitekeenari.
  5. Energiarekin eta aldaketa klimatologikoarekin lotuta, Getariako Udalak energia autosufizientzian sakontzea ezinbestekoa dela irizten dio, eta, horrenbestez, eraikinetan energia-produkzioko azpiegiturak baimentzea eta irizpide bioklimatikoak bultzatzea eskatu du. Eraikita dauden eraikinak babesteko, itsas mailaren igoerak portuko eremuan izan dezakeen eragina aztertzea ere eskatu du.
  6. Plan Bereziaren arabera, Getaria, “a priori”, ez da arnasgunea. Horren harira, egungo datuak eta UEMAren lanketa oinarri hartuta, Udalak eskatu du Getaria arnasgunetzat hartzeko, eta, horrekin batera, Portu Agintaritzak aurkeztu duen planak euskararen erabileran izan dezakeen eragina ebaluatzeko.
  7. Mugei dagokionez, Portuko Plan Berezia eta herriko Arau Subsidiarioak ez datoz bat pare bat eremutan. Eremu horietako bati dagokionez, Udalak, herriko erakundeen arteko elkarlanean oinarrituz, eremu horri izaera publikoa ematea eta lursailak lortzeko prozesuak finkatzea eskatu du. Bigarren eremuari dagokionean, “San Anton Azpia eremuan” Arau Subsidiarioetako mugaketari eustea eskatu du.
  8. Azkenik, etapa-plana aldatzeko eskaera ere egin du Udalak, Kofradia zaharraren ingurua zaharberritzea eta Tintalekua birgaitzea programaren hasieran jartzea eskatuz.

X